Kanpo irteerak
Bisita guztiak doakoak dira, baina plaza kopurua mugatua da, eta matrikula egin behar da aurrez. Behar izanez gero, doako garraio zerbitzua eskainiko da sinposioaren egoitzara joateko eta handik itzultzeko. Bisitetarako elkarguneari buruzko informazio gehiago emango da.
1. BISITA JUSTIZIA ERRESTAURATIBOAREN ZERBITZU PUBLIKORA
Justizia Errestauratiboaren Zerbitzua Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren menpe dago, eta organo judizialei zein herritarrei auzitegietara eta epaitegietara iristen diren auziak konpontzeko osagarrizko erak eskaintzen dizkie. Zerbitzuak zigor arloan eta arlo zibileko eta familiarreko jurisdikzioan egiten du lan –banaketa eta dibortzio auzietan, seme-alaba adingabeak dauden kasuetan–. Zerbitzua EAEko barruti judizial guztietan dago, eta doan da. Zigor arloan, delitugileak eta biktimak euren borondatez gatazka konpontzen saia daitezke. Horretarako, Justizia Errestauratiboaren Zerbitzura jo dezakete. Justizia Errestauratiboaren Zerbitzua auzien konponbide judizialaren ordezko era bat da, bideratzaile baten laguntzaz erasotzailearen eta biktimaren arteko elkarrizketa errazten du, eta helburua zigor arloko prozeduraren baitan akordio bat erdiestea da. Zirkuluetan eta hitzaldietan, ingurunea eta/edo komunitatea ere prozesu errestauratiboan parte hartzeko tresna dira, akordioa eta erreparazioa erdiesteko tresna direlako. Arlo zibileko eta familiarreko jurisdikzioan, prozesu judizial batean aurrez aurre dauden pertsonak elkarrizketaren bidez akordio batera irits daitezen lagunduko du (https://www.justizia.eus/justizia-errestauratiboaren-zerbitzua).
2. BISITA BIKTIMARI LAGUNTZEKO ZERBITZU PUBLIKORA
Delitu baten biktima izan direnek Biktimari Laguntzeko Zerbitzura jo dezakete. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren mendeko borondatezko eta doako zerbitzu bat da. Zerbitzuaren helburua da biktimei zigor arloko sistemarekin duten harremanean laguntzea, “Biktimaren prozesu penaleko estatutua” betetzen dela egiaztatuz
3. BISITA UDALTZAINGOAREN POLIZIA ETXERA
Parte hartzaileek udaltzaingoaren eraikina bisitatuko dute, eta biktimizazio moduen eta biktimen profilen aurrean Udaltzaingoak jokatzen duen rolari buruz hitz egingo dute, biktimen eskubideei buruzko legeria orokorrari eta espezifikoari dagokionez
4. BISITA ERTZAINTZAREN POLIZIA ETXERA
Parte hartzaileek Ertzaintzaren Antigua auzoko eraikina bisitatuko dute, eta biktimizazio moduen eta biktimen profilen aurrean Ertzaintzak jokatzen duen rolari buruz hitz egingo dute, biktimen eskubideei buruzko legeria orokorrari eta espezifikoari dagokionez
5. BISITA POLIZIA NAZIONALAREN POLIZIA ETXERA
Parte hartzaileek polizia nazionalaren Amara auzoko eraikina bisitatuko dute, eta biktimizazio moduen eta biktimen profilen aurrean polizia nazionalak jokatzen duen rolari buruz hitz egingo dute –polizia zientifikoaren jarduera eta nazioarteko polizia lankidetza barne–, biktimen eskubideei buruzko legeria orokorrari eta espezifikoari dagokionez (Urumea pasealekua, 17, 20014 Donostia, Gipuzkoa).
6. BISITA GUARDIA ZIBILAREN POLIZIA ETXERA
Parte hartzaileek Guardia Zibilaren kuartela (Galizia pasealekua, 60, 20015 Donostia, Gipuzkoa), eta biktimizazio moduen eta biktimen profilen aurrean Guardia Zibilak jokatzen duen rolari buruz hitz egingo dute, biktimen eskubideei buruzko legeria orokorrari eta espezifikoari dagokionez. Terrorismoari buruzko bere museoa ere bisitatuko da, eta neurri kontraterroristei eta giza eskubideen errespetuari buruz eztabaidatuko da.
7. JANE JACOBS WALK
Donostiako ibilbide honek placemakinga generoaren eta gutxiengoen ikuspegitik eztabaidatzeko aukera emango digu. Delinkuentziarekiko beldurraren mapak edo puntu kritikoak Jane Jacobek “kaleetako begiei” buruz dituen ideiekin kontrastatuko dira. “Begiak”, horiek kontrol sozial informal inklusiboago eta parte hartzaileago baterako direnak, Lefebvreren hirirako eskubidearen kontzeptua eta egungo prebentzio estrategiak zalantzan jarri ahal izateko, tartean “seguru ibiltzeko aplikazioak” deiturikoak (zenbait leku eta kolektibo estigmatizatzeko arriskua dago).
8. VICTIM MEMORIALS WALK / IBILBIDEA BIKTIMEN MEMORIALETAN BARRENA
Ibilbidea Gerra Zibilaren eta hiriko terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimen eskultura/memorial publikoetan barrena. Gerra Zibiletik hasita, terrorismoaren biktimen omenezko monolitoarekin jarraituko dugu, baita Stolpersteine edo memoriaren plaka batzuekin ere –talde terroristek pertsonak hil zituzten lekuetan daude–. Memorializazio modu horien alderdi batzuk eztabaidatuko dira.
9. HONDALEA ETA BIKTIMOLOGIA BERDEA
Hustutako itsasargiko etxearen barruan induskatuta, Iglesiasen lanak euskal kostaldeko geologia eta ekologia berezia eta uhartea inguratzen duten ozeanoko uren harrotasuna biltzen ditu. Cristina Iglesiasen lanak eskulturaren praktikaren kontzepzio berritu bat eskaintzen du. Obren eta espazioaren arteko konpromiso poetiko eta sinbolikoaren bere bilaketa hedapen estetiko, bisual eta dinamiko batean gauzatzen da beti. Cristina Iglesiasek, bere lengoaia eskultorikotik, hiriko urrutiko leku batean esku hartu eta berau eraldatu du, eta kausa ekologikoen defentsaren eta ingurumenaren kontserbazioaren sinbolo bihurtu du (https://www.donostia.eus/ataria/web/hondalea/la-obra). Bisita hori aitzakia hartuta, biktimologia berdeari buruzko hausnarketa bat egingo da.
10. BISITA ELIZAREN SEXU ABUSUAK JASAN DITUZTEN BIKTIMEI BURUZKO ERAKUSKETARA
El País egunkariko funtsekin, eta Juan Ignacio Cortés kazetariak, Lobos con piel de pastor (2018) liburuaren egileak, komisiotza lanak eginda, erakusketa honek Espainiako Elizaren sexu abusuen hainbat biktimaren argazkiak biltzen ditu, biktimizazio mota horri emandako erantzunen inguruan urrats eztabaidagarriak eman diren une honetan. Parte hartzaileek Juan Ignacio Cortésekin eztabaidatuko dute, argazki bakoitzaren istorio paregabeetako ageriko sekretu baten ideiari buruz, eta Espainiako kasuaren berezitasunei buruz, beste herrialde batzuekin alderatuta. Erakusketa hau sinposiorako egin da, doakoa da eta herritar eta parte hartzaile guztiek aste osoan zehar ikus dezakete.
11. BISITA GERVASIO SÁNCHEZEN “VIDA” ERAKUSKETARA
Gerardo Mosquera komisarioaren hitzetan: “Lagin honek Gervasio Sánchezek garai, leku eta testuinguru ezberdinetan ateratako 45 argazki biltzen ditu –asko eta asko argitaragabeak–. Aurreko erakusketa eta liburuetan ez bezala, ez dira gaiaren, jatorriaren edo dataren arabera banatu, bereziki planeta osoko gatazka armatuak jorratu dituen erreportari moduan legokiokeen bezala. Sánchez mundu mailako erreportari handi bat da. Baina, erakusketa honek beste modu batera irudikatzen du; hots, irudiaren artista moduan nabarmentzen du. Gervasio poeta eta erreportaria da, biak ala biak, kontraesanik gabea. Ez du hedonismoa bilatu, ahodun edertasuna baizik, gerraren eta indarkeriaren tragedia erakusten diguten irudien zentzua indartzeko eta sakonago bilakatzeko gai dena. Ez du ezbehar horien estetikarik sortzen: eragin estetikoaren eta artearen ezagutza eta komunikazio ahalmen partikularren bidez kritikatzen ditu. Antonio Muñoz Molinak esan duen bezala: “Bere kamerarekin salaketa nahiz poesia egiten ditu”. Goyatik Robert Capara eta gaur egungo kazetari mediatikoetara, gerra kronikariak heriotzaren erreportariak izan ohi dira. Sánchez bizitzaren erreportaria da, indarkeria suntsitzailearen aurrean gailentzen den bizitzarena. Ikuspegi hori da bere lan guztiaren fokua, eta erakusketa honen ardatz tematiko nagusia da. John Yau poetak esan du jada ez dagoela heroirik, bizirik dirautenak bakarrik. Baina bizirik dirautenak ere garaile izan daitezke, eta Gervasiok bizitzara itzultzean erretratatzen ditu. Bere irudien bidez, bizitza nola gainditzen den erakusten du, nola agertzen den gerraren eta heriotzaren hondarren artean, eta nola gainditzen dituen horiek. Alaitasun paradoxiko eta lazgarria adierazten dute askotan, desagertu nahi ez duen bizitza dokumentatzen dutelako. Minez, desagertuez, bonbardaketez eta Sierra Leonaz haratago, hauxe da historia nagusia, Gervasio Sánchezek helarazten digun gertakari handi eta ahistorikoa”.
Erakusketa hau sinposiorako egin da, doakoa da eta herritar eta parte hartzaile guztiek aste osoan zehar ikus dezakete.